Web Comercial EiTB

Berria

  • ETB1eko programazio berria

    06/09/15

    Apustu garrantzitsuekin dator denboraldi honetan ETB-1eko programazioa. Entretenigarria, hurbila eta kalitatezkoa izatea ditu jomuga. Hartara, "Wazemank", "Kalaka", "Mihiluze" eraberritua, "Erletxea" reality-a, "Bi Errepidean", "Egin Kantu!", "Goenkale", "Martin" eta "Balbemendi" telesail berria dakartza ETB-1eko programazioak. Saio berriekin eta orain arteko programa arrakastatsuekin gorpuztu du Euskal Telebistak udazkeneko denboraldia Zarena zarelako lelopean.

    ETB-1eko programazioaren aurkezpena ostiral honetan izan da, Donostian, Bingen Zupiria ETBko zuzendariaren eskutik. Prentsaurrekora, gainera, ETB-1eko aurkezle eta aktore nagusiak bildu dira.

    "Goenkale" telesailak iaz arrakastaz hasitako bideari eutsiko dio. Hau da, bina atal izango dira astelehen eta astearteetan. Intriga eta suspenseari eutsiko diote, eta, denboraldi honetan, zenbait pertsonaia garrantzitsuk ezkutatzen dutena argituko da. Auzoko berriak ere izango dira Arralden, Fede Badiola, Arkaitz Gartziandia, Manu Uranga, Itsaso Garzon, Aitor Aldabaldetreku eta Iñigo Garciak hezurmamituko dituztenak.

    "Martin" telesailaren atal berriak ere urriaren hasieran datoz ETBra. Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta hauek osatzen duten familiaren eta euren lankideen komeria eta istorio berriak ikusiko ditugu. Oraingo honetan bi pertsonaia berri izango ditugu, Xabier Mitxelena eta Josu Martinez aktoreen eskutik, eta Martintxo Manterolatarren seme gazteena gehiago agertuko da. Yerai Aguado umetxoak egingo du Martintxorena.

    Horrez gain, apustu garrantzitsu bat ere badakar ETBk kurtso honetarako fikzioaren alorrean: "Balbemendi". Misteriozko telesaila dugu eta Artikutza parke naturalean grabatuta dago zati handi bat. "Goenkale"ko zuzendaritzak eta talde teknikoak hartu du telesail berriaren ardura, eta Jabi Elortegi zuzendariaren esanetara, ETB-1eko telesaila beteranoan diharduten errealizadore eta gidoilariak aritu dira. Protagonista nagusia Edurne Azuara da, "Hasiberriak" telesailean parte hartu zuen gaztea. Eta berarekin batera aktore ezagun asko agertuko dira, hala nola, Kandido Uranga, Klara Badiola, Patxi Santamaria, Pilar Rodriguez, Asier Hernandez eta Jose Cruz Gurrutxaga, baita "Hasiberriak"en ibilitako Naiara Etxeberria gaztea ere. Taldea osatzeko, Juan Urretabizkaia, Aintzane Crujeiras, Maria Melo, Xabier San Sebastian, Juan Luis Mendiaraz, Iñaki Bergara, Manex Fuchs, Markel Gajate eta Lide Fernandez.

    Apirilean abian jarri zen "Kalaka"k ere, erantzun ona jaso dula eta, jarraipena izango du udazken honetan ETB-1eko gaueko ordutegi nagusian. Guztioi ardura diguten gaiak izango dituzte hizpide zuzenean "Kalaka"n. Xabier Euzkitzek gidatuko duen saioan, hainbat solaskide arituko dira mahaiaren bueltan gai ezberdinen inguruan euren ikuspegia ematen. Horrez gainera, Amaia Artetxe izango du lankide platoan, gai bakoitzari buruzko datuak zein ikus-entzuleen iritziak plazaratu ahal izateko. Erreportari gisa, Inma Zabaleta eta Iñigo Agirre kazetariak ibiliko dira kanpoan.

    "Mihiluze" lehiaketa ere izango dugu bolada honetan. Aldaketekin dator baina: astelehenetik ostegunera emango da, iluntzean, eta atal bakoitzean hiru bikote arituko dira nor baino nor gehiago hizkuntza eta umorea ardatz dituen txapelketan jokoan. Kike Amonarriz eta Ilaski Serranoren eskutik etorriko zaigu "Mihiluze".

    "Wazemank"en umoreak leku nabarmena izango du aurrerantzean ere. Arrakasta izan duten esketx eta tarteekin batera, beste hainbat atal eta egoera antzeztuko dituzte Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Jon Iraola, Mikel Pagadizabal Pagadik, Iñake Irastorza, Egoitz Lasa, Mikel Laskurain, Ana Elordi, Nagore Aranburu eta Asier Sota aktoreek.

    ETB-1eko reality-a "Erletxea" izango da. Joxe Felipe Auzmendi aurkezle duela, "Erletxea"k hamasei lehiakide izango ditu, zortzi laguneko bi taldetan banatuta. Talde bakoitza herri abandonatu batean biziko da, gure gizarte modernotik urrun, eta garai bateko bizitzara egokitzen jakin beharko du aurrera egin ahal izateko.

    "Betizu"k ere berrikuntzak izango ditu urritik aurrera. Gaztetxoen marrazki bizidun kuttunenak eskaintzeaz gainera, tarte berriak izango ditugu orain. Batetik, Nerea Aliasek haurrak kantari jarriko ditu "Egin Kantu!" herriz herri ibiliko den tartean, eta, bestetik, "Zuzen" lehiaketa Joseba Olagarai kazetari nafarrak aurkeztuko du.

    Erreportaje saio berri bat ere badakar ETB-1ek, "Bi Errepidean". Lordi Saralegik zuzenduta, saio bakoitzean gai bat jorratuko da eta bi kazetarik gai horren ikuspuntu bana landuko dute. Andoni Aizpuru eta Urko Aristi telebistako platoetatik aterako dira eta protagonistak euren esparruaz eta jardunean elkarrizketatuko dituzte. Gertuko saioa izango da, elkarrizketatzailea elkarrizketatuaren terrenora joango delako. Protagonistaren larruan jarriko dira biak ala biak, eta hartara, etxeko ikusleari protagonistak bizi duena, sentitzen duena, pentsatzen duena... transmitituko diote.

    Eguneroko albistegiek orain arteko lan-taldeak dituzte euskarri, kanpoko eta bertako berriak ahal den zabal eta zehatzen eta berehala eskaintzeko. ETB-1en, Maribel Aizarna eta Joseba Iriondo ditugu eguerdiko aurkezle eta Asier Odriozola gauetan, astelehenetik ostiralera. Ainhoa Larretxea da, berriz, "Gaur Egun"en gidari asteburuetan. Eguraldiaren tarte garrantzitsua Andoni Aizpuruk astegunetan eta Aurkene Iturriozek asteburuetan ekartzen digute. "Postdata", iazko denboraldian Argia saria jaso zuen erreportaje-tartea, kontrapuntua jartzen izango dugu egunero "Gaur Egun" saioaren ondoren, eguerdi eta gauetan.

    "Kirolez Kirol" saioa dagoeneko murgildu da pilota, estropada, futbol eta bestelako kirolen gurpilean. Mikel Olazabal, Xabier Usabiaga eta Asier Aranguren ditugu kirol lan-talde zabalaren aurpegiak.

    Ez dira faltako dagoeneko klasiko bilakatu diren beste saio batzuk: "Sautrela" literatur saioa, Hasier Etxeberriak aurkeztuta, eta "Hitzetik Hortzera" bertsoari eskainitako tartea, Saroi Jauregiren eskutik, esate baterako. Gazteek ohiko zita dute ostiralero "Ikusgela"rekin. Eta Estepan Aldamiz-Etxebarriarekin hitzordua daukagu egunero "Bakarrik edo" saioan, baina horrez gain, laster "Firin Faran"eko mahai-inguruan topatuko dugu. Bestalde, "EiTB Kultura"k kultur adierazpen ugarien erakusleiho izaten jarraituko du, bai eta sormena sustatzeko ekimenak bultzatzen.

    Euskal Herrian egindako zine proiektu garrantzitsuetan esku hartu du, halaber, Euskal Telebistak. Irailaren 29an estreinatuko den Kutsidazu Bidea Ixabel saioaren babesle izan da. Gainera, filma oinarri hartuta datorren urtean estreinatzekoa den bost ataleko telesaila egingo da. Horrez gainera, Eutsi Alberto Gorritiberea zuzendariaren lehen filma ere babestu du. Anjel Alkain eta Asier Hormaza ditu protagonista Kutsidazu Bidea Ixabel eta Aupa Etxebeste!ren ondoren egiten den euskarazko hirugarren film luzeak.

  • Berri gehiago

    Telebista eta irrati-emisio digitala mugikorretan eta gailu eramangarrietan eskaintzeko probak egiten ari dira Euskal Telebistan

    2007/06/26

    Todosconlapantoja.com, HazRuido.com-eko marketing biraleko lehiaketa irabazten du (ikusi gazteleraz)

    2007/06/06

    Todosconlapantoja.com interneteko lehiaketa bat irabazteko sortu zen. (Ikusi gazteleraz).

    2007/05/25

    "Vuelta de Tuerca" saioa abiatuko da larunbatean ETB-2n, Iñigo Agirrek eta Maite Esparzak aurkeztuta

    2007/05/21

    Prix Circom Regional sarien banaketa ekitaldia Guggenheimen

    2007/05/14

    Circom Telebista Erregionalen Elkartearen 25. Biltzarraren irekiera ekitaldia Bilbon

    2007/05/10

2007 © All Rights Reserved