ETB2ko programazio berria
06/09/08
Informazioa eta entretenimendua oinarri izango dituen programazio lehiakorra, sendoa eta kalitatezkoa eskaintzea da ETBren helburua denboraldi berrian. Zinea, fikzioa, umorea eta aktualitatearen aldeko apustua egingo du ETB-2k. Aurkezpena ostiral honetan izan da Bilbon, Zarena zarelako-Es por ti lelopean.
Bingen Zupiria ETBko zuzendariak ETBko aurkezle eta aktoreak izan ditu lagun aurkezpenean. "Vaya Semanita" saioko Andoni Agirregomezkorta eta Iker Galarza eta Laura de la Calle aktore berriak, "Pásalo"ko Adela Gonzalez eta Iñaki Lopez, "La Noche De..."ko Felix Linares, eta "Mi Querido Klikowsky" telesaileko Martin Gervasoni, Janfri Topera, Esther Velasco, Naiara Arnedo eta Vito Rogado aktoreak izan dira, besteak beste, Bilbon. Horrez gainera, albistegietako aurkezleak ere ikusi ditugu: "Teleberri"ko Vanessa Sanchez eta Aitzol Zubizarreta; "Teleberri Kirolak" saioko Josu Loroño eta "El Punto"ko Amaia Urkia eta Aitziber Fernandez.
Fikzioaren aldeko apustuari eusten dio orain ere ETB-2k. "Mi Querido Klikowsky" umorezko telesailaren hirugarren denboraldia estreinatuko du. Telesailak Eibarrera iritsi den Saul argentinarraren, Txomin aitaginarrebaren eta hauen famili eta lagunen gorabeherak ditu oinarri. Asteleheneko ordutegi nagusian leku sendoa lortu du saio honek.
Estreinaldi bat ere izango dugu kurtso honetan. "En Buena Compañía" komedia ekarriko digute Toni Canto eta Eva Santolaria aktoreek. Lehen haurra izan duten gurasoen komeriak kontatzen ditu telesailak.
Felix Linares eta "La Noche De" saioak ez dute hutsik egingo astearte gaueko hitzorduan. Pelikula garrantzitsuak agintzen dizkigute asteartero. Hain zuzen ere ETBk film arrakastatsuen eskubideak eskuratu ditu. Hurrengo hilabeteetan ikusgai izango dira, besteak beste, Troya, Cuanto menos te lo esperas, Catwoman, Mystic river eta Deuda de sangre. ETBk datorren urtean emango dituenen artean ere beste izenburu garrantzitsuak topatu ditzazkegu: Million dollar baby, Being Julia eta Love actually esate baterako. Bestalde, udazken arratsaldeetarako bi zine sorta prestatzen ari da: bata Paul Newmanen inguruan eta bestea James Bond 007 agente sekretuaren inguruan.
Nazioarteko telesailak eskaintzeko asmorik ere badu ETBk udazken honetan. Bi telesail iparramerikar daude tartean: "Invasión" zientzia fikziozkoa eta "Fiscal Chase" epaileen munduan girotutakoa. Horrez gainera, "Dolmen" 2005. urtean Frantzian ikusien izan zen ekoizpena ere emango da.
"Vaya Semanita" saioak orain arte bezala goiari eusteko asmoz ekingo dio denboraldi berriari. Esketx eta pertsonaia berriak izango ditu. Aktore taldean bi lagun berri ikusiko ditugu: Iker Galarza "Goenkale"ko postaria izandakoa eta Laura de la Calle Txetxu Ugalderekin "Generación XXI" lehiaketan aurkezten aritutakoa. Gainerakoan, Andoni Agirregomezkorta, Julian Azkarate, Diego Perez, Angela Moreno, Ramon Merlo, Itziar Lazkano, Manuel Elizondo, Javier Anton eta Susana Soleto arituko dira jardunean.
Carlos Soberak "Date el bote"ren seigarren denboraldiari ekin dio. Lehiaketa arrakastatsuak %23,4ko audientzia zatiaz itxi zuen aurreko denboraldia. Ekinaldi honetan helburuak berberak dira: ikus-entzuleek ondo pasa dezatela. Parte hartzen duten lehiakideek zer esan handia dute horretan.
Bazakalostean, "Pásalo" aktualitate magazina aurkeztuko dute Adela Gonzalez eta Iñaki Lopezek. Eguneko berriak tertuliakideen ikuspegi anitzetik eta egun-eguneko gaien inguruko kaleko erreportajeen bidez erakutsiz jarraituko dute. Politika, kirola, gizarte kronika, kultura, ekonomia, entretenimendua..., guztiak du lekua. Ohiko solaskideekin batera hizlari berriak izango ditugu saioan.
"Objetivo Euskadi"ko atal berriak ere badakartza programazio honek. Erreportaje arinak izango dira eta ikuspuntu guztiak islatzen saiatuko dira. Halaber, apurka-apurka berriro izango dira ETB-2n Mirentxu Purroyren "Mundo.Hoy", "Teknopolis", "Palabra de Ley" eta "Sustraia".
Albistegiek lidergoari eustea dute asmoa talde sendoaren lanaren babesaz. Talde horren aurpegi ditugu Estibaliz Ruiz de Azua, Juan Carlos Etxeberria, Vanessa Sanchez, Aitzol Zubizarreta eta Africa Baeta aurkezleak. Eta "Teleberri"ren ostean, nola ez, "Eguraldia" tarteak giroaren berri zehatza emango digu, astegunetan Ana Urrutiarekin eta asteburutan Aurkene Iturriozekin orain arte legez.
"El Punto" goizeko albistegiak badu berrikuntzarik: Jonan Apaolaza kazetariak zuzenduta Amaia Urkia eta Aitziber Fernandez izango ditu aurkezle. Beraien ardura izango dira eguneko lehen berriak eta eguneko elkarrizketa. Ondoren, falta gabe, David Barberoren "Forum" tartea izango da.
Kirolari dagokiola, albistegietan Josu Loroño eta Jose Ituarte izango ditugu kirol albiste guztien berriemaile. Horrez gainera, Jose Ituartek igandero "El Derby" tartean Izarren Ligak eman duen guztia azalduko du.
Azkenik, ETB "El Conquistador del Fin del Mundo" abentura lehiaketaren hirugarren edizioa prestatzen ari da. Julian Iantzik aurkeztuta, ezuste eta berrikuntza nabarmenak ekarriko ditu hurrengo urtearen hastapenetan.
Berri gehiago
2007an, 25. urteurrenaren urtean, amaitu nahi du EiTBk DIGIBat, egoitzak digitalizatzeko proiektua
07/01/04
"Supernanny" saioaren bigarren denboraldia estreinatuko du ETB-1ek larunbatean
06/12/30
Gabonetako haur programazio berezia abian ETB-1en ostegunetik aurrera
06/12/21
"Vaya Semanita" saioak Ondas saria jaso du
06/10/25
06/09/15
"Vaya Semanita" ren laugarren denboraldia ostegunean hasiko da atal eta pertsonai berriekin
06/09/14