Web Comercial EiTB

Berria

  • 2007an, 25. urteurrenaren urtean, amaitu nahi du EiTBk DIGIBat, egoitzak digitalizatzeko proiektua

    07/01/04

    Euskal Irrati Telebistak aurten, 25 urte beteko dituen urtean alegia, amaitu nahi du DIGIBat, egoitza guztiak digitalizatzeko proiektua. Tartean daude, taldea Bilboko egoitzara joatea eta Miramongo egoitza produkzio zentro handi eta hornituena izateko lanak amaitzea. Halaber, joan berri den urtean kalitatearen bidean urrats handia egin du EiTBk: azaroan, Kalitatearen Iberoamerikar saria eskuratu zuen, Montevideon (Uruguai) egindako Estatu eta Gobernu buruen XVI. Goi Bileran.

    Horixe nabarmendu du Andoni Ortuzar EiTBko zuzendari nagusiak, Donostiako egoitzan, Miramonen, 2006ko Txostena aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Ortuzarrekin batera, Bingen Zupiria ETBko zuzendaria, Julian Beloki taldeko irrati guztiak biltzen dituen EiTB Irratiaren zuzendaria eta Juan Diego EiTBko kudeaketa zuzendaria izan dira aurkezpenean.

    EiTB digitalizatzea, hau da, ingurune digital berrirako prestatzea eta talde multimedia osatzeko hedabide guztiak egoitza bakarrean elkartzea, horiek dira EiTBren aurtengo xede nagusiak. Bilbo eta Miramongo proiektuak amaituta biribilduko da DIGIBat. Batetik, Bilboko egoitza berrira joango da EiTB eta bestetik, Miramon zabaldu eta birmoldatzeko lanak amaituko dira. Hartara, Miramonen, 1.200 metro karratuko plato berri bat erabilgarri izango da udan.

    Audientziak direla eta, EiTB taldeak lidertza sendotu du Euskadin. Irratientzat urte oparoa izan da 2006koa. Gainera, audientzia datuek gorako joera erakusten dute. Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik, laugarren urtez, 400.000 entzuletik gora izan dituzte egunero. ETBk, berriz, %20,2ko audientzia izan du urte amaieran. Ikusle euskaldunetan buru da ETB eta albistegien ildoan erreferentzia da Euskadin. Interneteko datuak ere nabarmentzekoak dira. Joan berri den urtean gazte eta haurrentzako webgune bana sortu dute: betizu.com eta egaztea.com. Hori guztia kontuan hartuta, datu aipagarriak eskuratu dituzte web sarean: 4 milioi erabiltzaile, hau da, orain lau urte baino 10 aldiz gehiago.

    Horrezaz gain, EiTBk Kalitatearen alde egindako apustua saritu dute kanpoan. Iberoamerikar Kalitate saria jaso du. Sari hori 10 erakundek baino ez dute jaso eta estatuan EiTBk eskuratu du. Onespen horrekin batera, EiTBko saio eta profesionalek 15 garaikur jaso dituzte. Besteak beste, "Vaya Semanita" saioak Ondas saria jaso du; "Teknopolis"ekoek hiru sari jaso dituzte; eitb24.com webguneko infografiak ere nabarmendu dituzte eta Argiaren sarietan, Maite Artola eta "Postdata" ETB-1eko programaren lana goraipatu dute.

    Aurrekontuei dagokienez, berriro ere, orekatuta itxi ditu kontuak EiTBk, programa kontratua bete du "eta zorrik ez da izan" Ortuzarrek aipatu duenez.

    Oro har, 25 urte beteko dituen urtean, berritzeko eta modernizatzeko proiektuak izango ditu EiTBk. "Ingurune digitalean lehiakorrak izateko, gure eskaintza zabaltzeko prest gaude; kalitate zerbitzuari eusteko; albistegien ildoan erreferente izaten jarraitzeko eta elkarrekintza eta parte hartzeko bide berriak zabaltzeko. Hori guztia bai Miramondik eta bai EiTBko gainontzeko egoitzetatik", esan du amaieran Andoni Ortuzarrek.

  • Berri gehiago

    "Supernanny" saioaren bigarren denboraldia estreinatuko du ETB-1ek larunbatean

    06/12/30

    Gabonetako haur programazio berezia abian ETB-1en ostegunetik aurrera

    06/12/21

    "Vaya Semanita" saioak Ondas saria jaso du

    06/10/25

    ETB1eko programazio berria

    06/09/15

    "Vaya Semanita" ren laugarren denboraldia ostegunean hasiko da atal eta pertsonai berriekin

    06/09/14

2007 © All Rights Reserved