ETB-1ek "Sut&Blai" gazteei zuzendutako saio ibiltaria estreinatuko du astelehen arratsaldean
07/01/22
Astelehenean, urtarrilak 22, Euskal Telebistak "Sut&Blai" gazteei zuzendutako eguneroko magazine berria estreinatuko du lehenengo katean 18:50 aldera. Iñigo Lopez de Alda, Naroa Iturri eta Aizpea Barros "Ikusgela"ko aurkezle ohiek erreportari lanak egingo dituzte. Herriz herri ibiliko dira saioan egunero, gazteen mugimenduak biltzeko asmoarekin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak babestutako saio hau ez da plato batean egingo, kalean baizik. Saio ibiltaria izango da eta kanpoan grabatuko da oso-osorik. Horrela, bada, Euskal Herri osoan zehar ibiliko dira gazteen istorioak eta kezkak islatzeko asmoz.
Euskal Herriko neska-mutilak izango dira protagonista bakarrak. Euren hitzetan entzun ahal izango dira euren istorioak, ametsak zein proiektuak. Hizkuntza, beraz, zuzena izango da eta ikus-entzuleek hainbat gauza ikasi ahal izango dituzte. Aizpea, Naroa eta Iñigo erreportariak istorio ezberdinen arteko lotura izango dira. Istorio batek beste batera eramango gaitu.
"S&B" egunero izango da ikusgai, astelehenetik ostegunera, 18:55tik 19:05era bitartean. Euskal Herriko txoko bat bisitatuko dute eta saio bakoitzean erreportari bat azalduko da. Aizpeak, Iñigok edo Naroak bertako gazteekin hitzordua egingo dute eta horien saioko kolaboratzaileak izango dira 10 minutuz. Eta ostiralean asteko laburpena egingo dute, 14:50ean hasita.
Egunero hiruzpalau istorio izango dira entzungai. Gaiak aurreratuko dituen sumario labur batekin hasiko dira eta bukaeran, berriz, protagonisten aurpegiak izango dira ikusgai. Bideoklip moduan, "S&B" saioko irudiak biziak, azkarrak eta arinak izango dira, eta musikak ere presentzia handia izango du.
Hilabete bakar batean, "Sut&Blai"k 50 erreportaje inguru eskainiko ditu, 150 istorio gutxi gorabehera, gazteei kontatuak. Emisio bakoitzean elkarrizketatuen esteka guztiak izango dira ikusgai, ikus-entzuleek interesgarria deritzoten informazioan sakontzeko edota eurekin harremanetan jartzeko.
Saioan parte hartu nahi duten guztiek saioko webgunera jo beharko dute, www.sutanblai.com helbidera, hain zuzen. Bertan, euren proiektuak, ekimenak, ametsak edo nahi duten guztiaren berri eman ahal izango dute. Webean sartuz gero, puntuak lortu ahal izango dira, eta puntu horiekin sari potoloak.
Berri gehiago
Radio Euskadiren programazio berria
06/09/09
06/09/08
06/06/23
06/12/11