Prix Circom Regional sarien banaketa ekitaldia Guggenheimen
2007/05/14
Circom Europako Telebista Erregionalen Elkartearen 25. Biltzarrarekin amaitzeko, Circom Sarien banaketa egin da ostiralean. Urteko produkziorik onenak saritu dituzte Guggenheim Bilbao Museoan, ostiral gauean, Edurne Ormazabalek aurkeztu duen ekitaldian. Zazpi ataletan banatutako zortzi sari daude jokoan eta aurten zazpi herrialde ezberdinek lortu dituzte: Danimarkak, Norvegiak, Suediak, Frantziak, Alemaniak eta Kroaziak bana, eta Erresuma Batuko BBC kateak bi. Zortzi galardo hauek -dokumentalen sailean bi lan saritzen baitira- 13 herrialdetatik etorritako 14 profesionalek erabakitzen dituzte. Aurten epaimahaiak 183 lan ebaluatu behar izan ditu, inoiz jaso den lan kopuru handiena. Marka guztiak hautsi ditu Prix Circom Regional lehiaketak edizio honetan. Grand Prix Circom Regional Trofeoa Danimarkako TV2 Ostjylland-ek eraman du, Trapped in prostitution dokumentalagatik. 41 minutuko lanean Danimarkan aritzen diren thailandiar jatorriko prostituten egoera salatu dute. Kategoria berean, France 3k ematen duen Special Award delakoan, Norvegiako NRK1-ek aurkeztutako Dangerous mountains goraipatu dute. Bertan, ustezko Tsunami batek Norvegiako fiordetan izango lukeen eragin katastrofikoa erakutsi dute. Magazine erako programen atalean "Re:Act" ekoizpenak jaso du garaikurra. SVT2 Gävledala suediarren saioak hauteskundeetan parte hartzera bultzatu nahi zituen gazteak. The Beautiful Game: Footballers and Beautyk lortu du kirol programen arloko saria. Dokumentalak Brasilen oso garrantzitsuak diren bi gertaeren jarraipena egiten du; alde batetik, futbol txapelketa eta, bestalde, Miss-en lehiaketa. Epaimahaiko kideen iritziz, BBC Londonen web gunea da onena. Haren diseinua argia, erabilerraza eta eraginkorra delako aukeratu dute. Bideo Edizio atalean post-produkzioaren kalitatea hartzen da aintzat. Honako honetan, Do communist have better sex? lanak lortu du lehen postua. Fikzio eta Dramaren alorrean "I love You" ekoizpena hobetsi dute. Protagonista nagusia Kreso da eta bere neska-lagunarekin batera bizimodu modernoaren abantailetaz gozatzen du. Baina seropositiboa dela jakiten duenean den dena aldatuko da bere inguruan. Eta azkenik kazetari-edukiak dituzten bideoei dagokion saria Mark Normanek eraman du. BBCko kideak Iraken zeuden Kenteko eta Sussexko soldaduen jarraipen bikaina egin zuen. Urtero-urtero Prix Circom Regional lehiaketak Europako lurralde-telebistetako ekoizpen onenak goraipatzen ditu. Eskualde mailako programentzako nazioarteko sari garrantzitsuenak dira eta 1990 urteaz geroztik antolatzen dira. Kategoriak urtero aldatzen dituzte, eta epaimahaia telebista ezberdinetako produktoreek eta errealizadoreek osatzen dute.
Berri gehiago
Neguari buruzko argazki ederrenak Negublog gunean, eitb.com-eko argazkiblog berrian
07/01/25
Estitxu Fernandez, Euskadi Irratiko "Tartaria"
07/01/25
ETB-1ek "Sut&Blai" gazteei zuzendutako saio ibiltaria estreinatuko du astelehen arratsaldean
07/01/22
ETBk "Heroes" 2006an AEBetako telesailik arrakastatsuena izan denaren eskubideak lortu ditu
07/01/19
"Objetivo Euskadi" saioak bere 100. programa beteko du ostegun honetan
07/01/11
07/01/08